ZARAUTZ

Zarautzen, itsasoa ondoan daukagu beti. Malekoian paseatzean, mendian, terraza batean irakurtzen, lagunekin pintxoak hartuz solasean aritzen… itsasoaren gertutasunean, kutsu desberdina hartzen du denak.

Zarauzko hondartza 2.500 metroko luzerarekin, Gipuzkoako handiena eta diziplina anitzetako eremua da, era askotako jendea eta irudiak izaten dituena ;  familiak, surflariak eta natura-zaleak aldi berean elkartzen dira hareatza honetan.

Herria duna ikaragarri baten gainean dago. Nolakoa den konturatzeko, begi – bistan dagoen zatia ikusi besterik ez dago; Gipuzkoako kostaldeko dunen biotopo handiena da. Hondartzaren mutur batean dago, eta alde batetik besteraino zeharka dezakegu.

Itsas pasealekua ezin hobeki egokitzen zaio hareatza honi eta bertan hainbat artisten eskulturak eta haurrentzako jolastokia nabarmentzen dira. Pasealekua, Zarauzko herri osoa zeharkatu eta alde batetik auzoko herriraino, Getariaraino, hedatzen da, itsasoari bizkarrik ematen ez dion ibiltoki zoragarri batean. Beste aldean aldiz, ia kilometro bateko pasabidea dugu, egurrezkoa eta irisgarria, biotopoaren gainean.